[go: up one dir, main page]

Edukira joan

Pahlavi dinastia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irango Estatu Inperiala
کشور شاهنشاهی ایران
Keshvar-e Shāhanshāhi-ye Irān
1925 – 1979
Monarkia konstituzionala
bandera

armarria

Geografia
HiriburuaTeheran
Ekonomia
DiruaIrandar riala
Kultura
Hizkuntza(k)Persiera
ErlijioaXiismoa
Historia
Aurrekoa
Kajar dinastia
Ondorengoa
Irango behin-behineko gobernua

Pahlavi dinastia[1] (persieraz: دودمان پهلوی‎) Irango errege dinastia izan zen, 1925-1979 bitartean agintean egon zuena. Reza Shah-ek sortu zuen 1925ean, Kajar dinastia eraitsi ondoren. 1979an amaitu zen, Khomeinik Muhammad Reza agintetik kendu eta islamiar errepublika aldarrikatu zuenean[2].

1921ean estatu-kolpe batek Reza Shah Pahlaviri eman zion aginpidea; 1925ean, Pahlavi dinastia sortu zuen, eta xah izendatu zuten. Reza Shah-en agintaldian zenbait berrikuntza egin ziren: gudarostea, osasun-zerbitzu berriak, komunikabide-sarea (lehen burdinbidea), ikastetxeak-eta sortu zituen. Erlijio-fanatismoari aurre egin nahirik, txadorra erabiltzea debekatu zuen 1935ean, eta Persia izenaren ordez Iran izena eman zion estatuari 1934an. Bigarren Mundu Gerran Reza Shah-ek alemaniarrekiko erakutsi zuen jaiera zela eta, lurraldea hartu zuten sobietarrek eta britainiarrek (1941). Reza erbesteratu eta haren seme Muhammad Reza Pahlaviri utzi zion aginpidea[3].

Muhammad Reza Pahlavi

Gerra ostean, Muhammad Rezak Mendebaldeko estatuen alde egin zuen, eta Britainia Handiarekin eta Sobietar Batasunarekin hitzarmenak izenpetu zituen. Gobernu hark alderdi marxistaren, erlijio-indarren eta Mohammad Mossadegh-en Nazio Frontearen kontrako jarrerei aurre egin behar izan zien. Mossadegh-ek, 1951ean lehen ministro kargua lortu zuenean, petrolio-ustiapena (britainiar konpainia baten mendean zegoena) nazionalizatu zuen; xah-a britainiarren monopolioarekin segitzearen alde agertu zen, eta erbestera joan behar izan zuen. Berehalako estatu-kolpe batek, Estatu Batuen laguntzaz, aginpidean ezarri zuen berriro; handik aurrera, Estatu Batuen eragina gero eta handiagoa izan zen Iranen, britainiarren kaltetan.

1960. urtetik aurrera Reza Pahlavik berrikuntza batzuk bultzatu zituen (Iraultza zuria): nekazaritza eraberritzeko neurriak hartu zituen, basoak eta larreak nazionalizatu zituen, emakumeari botoa emateko eskubidea eman zion, eta alfabetatze-kanpainak bultzatu zituen. Berrikuntzak gorabehera, barne-egoerak ez zuen hobera egin eta gobernuaren kontrako jarrerak gero eta gogorragoak ziren. 1979ko urtarrilaren 16an xah-ak erbestera joan behar izan zuen[3].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 182. arauaː Dinastien izenak. .
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b Iran. Lur hiztegi entziklopedikoa, Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2017-3-25).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]