[go: up one dir, main page]

Edukira joan

IV. Internazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea

IV. Internazionala nazioarte mailako koalizioa da, joera troskistako alderdi komunistak biltzen dituena. Erakunde hau Leon Trotski berak sortu zuen III. Internazionalaren banaketa batetik.

Gaur egun IV. Internazionala hainbat eszisio txikitan bereizita gelditu da.

Trotskistek kapitalismoaren aurka eta estalinismoaren aurka posizionatzen dute euren burua. Euren ustez, proletariotzaren iraultza lehenengo pausoa da Iraultza Etengabea ezartzeko. Bestalde, langileen estatua ez litzateke posible izango kapitalismoaren presioa gainean izanik, gainerako herrialdeetan ere horrelako iraultza sozialista bat emango ez balitz. Teoria hau, estalinisten SESBn aurrera eraman nahi zuten “herrialde bateko sozialismoa”-ren teoriaren aurkakoa izango litzateke. Horretaz gain, Trotski eta bere jarraitzaileek asko kritikatzen zuten Iosif Stalinen totalitarismoa, izan ere, demokraziarik gabeko sozialismoa ezinezkoa dela baieztatzen zuten. Sobietar Batasuneko demokrazia eza ikusita, estatu hori langile-estatua ez zela, langile-estatu degeneratua zela baizik, ondorioztatu zuten.

Trotski eta bere jarraitzaileak 1923. urtetik egon dira oposizio ezkertiarra bezala antolatuta. Sobietar Batasunaren burokraziaren aurka agertu ziren; trotskisten ustez, gainbehera hau sobietar ekonomiaren isolamenduaren eta pobreziaren ondorioz eman zela baieztatuz[1]. Stalinen “herrialde bateko sozialismoa”-ren teoria 1924an garatu zen Trotskiren Etengabeko Iraultzari kontra egiteko. Honek kapitalismoa akabatzeko eta sozialismoa ezartzeko, iraultza mundial bat behar-beharrezkoa dela dio. 1924a baino lehenago, boltxebikeen perspektiba internazionala Trotskik gidatu zuen.

Halako batean, Trotski erbesteratua izan zen eta bere jarraitzaileak atxilotu egin zituzten. Hala ere, ezker-oposizioak lanean jarraitu zuen isil gordeka Sobietar Batasunean. Trotski Turkiara joan zen 1928an, baina geroago Frantzian, Norvegian eta azkenik, Mexikon egokitu zen, Diego Rivera eta Frida Khaloren etxean. Erbestean bere ideiak defendatzen jarraitu zuen, lan berriak ere argitaratu zituen. Stalinen aginduetara, 1940ko abuztuan, Ramon Mercader agente eta militante komunistak hil zuen Mexikon piolet bat erabiliz[2].

Langile internazionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1864an eman zen Lehen Internazionalaren sorrera, langile mugimenduari indarra eman eta antolamendu politiko iraultzaile bat emateko lehen pausoa izan zen. Bertan paper garrantzitsua izan zuten Marx, Engels eta Bakuninek; azken honek anarkismoa garatu zuen eta kanporatua izan ondoren, bere Internazional propioa sortu zuen 1872an.

Bigarren Internazionala, 1889an sortu zena, herrialde inperialistei laguntza ematen eta Lehen Mundu Gerraren aldeko erabakiak hartzen amaitu zuen, herrialde desberdinetako langileak elkarren kontra jarriz eta sozialista erreformista eta sozialista iraultzaileen arteko banaketa eraginez.

Honen aurrean, Alderdi Boltxebikeak Hirugarren Internazionala sortu zuen 1919an, Errusiar Iraultzaren ondoren, politika iraultzaileak maila internazionalean berreskuratzeko. Stalinen garaipenaren ondoren eta sobietar estatuaren burokratizazioaren ondoren, Hirugarren Internazionala politika sobietarraren erreminta bihurtu zen.

Trotski.

Trotskik Laugarren Internazional bat sortzeko beharra aldarrikatu zuen, Hirugarren Internazionala estalinista zela argudiatuz. Trotskisten iritziz, Alemania, Frantzia eta Espainiako Alderdi Komunisten traizioak erakusten zituen, faxismoaren garaipena eman zenean. IV. Internazionala 1938ko konferentzia

batean sortu zen.


IV. Internazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leon Trotskik Internazionala mundu mailako langileriaren iraultzako alderdia bezala ulertzen zuen; herrialde bakoitzean zati desberdinak izatea unitate bat bezala jokatuko zutenak iraultza mundialerako. Etengabeko iraultzan oinarritu ziren Internazionalaren programak, beraz, iraultza sozialistak soilik arrakasta izango zuela, mundu guztian zehar ematen bazen defendatzen zuen.

1939an, Bigarren Mundu Gerra hastean, Idazkaritza New Yorkera mugitu zen.

1940an, Internazionaleko alderdi garrantzitsuena zen Estatu Batuetako Langileen Alderdi Sozialistak (SWP) banaketa bat jasan zuen, Max Schachtman eta James Burnham buruek Trotski eta James Cannonen ideiekin bat ez zetozen eta.

1940ko abuztuan, Stalinek bidalitako agente espaniar batek Trotski erail zuenean, Laugarren Internazionalarentzako kolpe handia izan zen. Oso ahulduta gelditu zen, zuzendaritza gazte eta ezjakin batekin.

Lehen erronka eta krisia 1953an eman zen. Talde desberdinak Michel Pablok aldarrikatutako tesiak onartzeari uko egin zioten. Pabloren arabera, Hirugarren Mundu Gerra bat zetorrenez, Alderdi Komunista estalinistek rol iraultzaile bat hartuko zutela zion, inperialismoari aurre egitean. Ondorioz, langile estatu burokratikoetan egin beharreko lana ez zen alderdi trotskistak sortzea, alderdi estalinistetan sartzea hauek boterea hartzera bultzatzeko baizik. Internazionalak erabat zatituta amaitu zuen.

60ko hamarkadan bateratze berri bat eman zen iraultza kubatarraren planteamendua ikusi ondoren. Sortu berri zen Idazkaritza Bateratuak politika pablista ezarri nahi ez zuten pertsonak zituen buruan; hala nola, Ernest Mandel, Pierre Frank, Joseph Hansen, James Cannon eta Nahuel Moreno. Hala ere, bateratzeak gutxi iraun zuen.

IV. Internazionalaren oinordeko erakundeak gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu mailako zenbait erakunde Trotskiren IV. Internazionalaren oinordekotzat hartzen dira. Horietako asko buruzagi gazteetatik datoz, Ernest Mandel, Pierre Franck, Joseph Hansen edota Nahuel Moreno.

IV Internazionaleko Idazkaritza Bateratua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IV Internazionaleko Idazkaritza Bateratuak, 1963an sortua eta tradizio mandelistakoak, IV Internazionalaren izendapena errebindikatzen jarraitzen du, bere oinarri programatiko batzuk errefusatu dituen arren (zentralismo demokratikoa edo proletariotzaren diktadurako puntu batzuk, adibidez). Korronte internazional hau oso kritikatua izan zen beste erakunde trotskista batzuengandik Prodi (Italia) eta Lula-ko (Brasil) gobernuetan parte hartzeagatik. Internazionalaren XVI kongresuan, bere proiektu iraultzailean aurrerapenak egiteko alderdi antikapitalistak sortzearen aldeko azaldu zen. 60 herrialde baino gehiagotan ditu jarraitzaileak. Mundu-mailan zeukan erreferenteetako bat LCR frantsesa izan zen, gaur egun Alderdi Antikapitalista Berria dena. Argentinan Langileen Mugimendu Sozialista (MST) ere laguntzaile du[3].

Langileen Internazionalaren aldeko Komitea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laugarren Internazionalaren ikurra

Langileen Internazionalaren aldeko Komitea IV Internazionaleko zati ingelesetik dator. 1974an eratu zen 40 herrialdeetan baino gehiagotan ordezkariak zituelarik.

Langileen Liga Internazionala - IV Internazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileen Liga Internazional hau 1982an sortu zen, tradizio morenista jarraituz, IV Internazionala berriro eraikitzea proposatzen du programa iraultzaile bat jarraituz. Latinoamerika eta Europan dago presente bereziki, azpimarragarrienak Langileen Alderdi Sozialista Bateratua (Brasil), Alternatiba Komunistako Alderdia (Italia) eta Langileen Alderdi Sozialista (Mexiko) dira. Argentinan, Moreno jaio zen herrialdea, korrontea peronismoa begiko zuen talde batek hasi zuen, Santuchok gidatzen zuen Langileen Alderdi Iraultzailearekin bat egin arte. Hala ere, borroka armatuaren gaian bat ez zetozelako banatu egin ziren; hortik, Langileen Alderdi Sozialista jaio zen, geroago Sozialismoari Mugimendua izena hartuko zuena. 80. hamarkadaren erdialdean, munduko alderdi trotskista handiena eta itzal handiena zeukana izatera iritsi zen, milaka militante izanik. Morenoren heriotzarekin, alderdia hainbat erakundetan banatu zen; horietako batzuk morenistak izaten jarraitu dute gaurdaino.

Korronte Marxista Internazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korronte Marxista Internazionala Ted Grantek eratu zuen 1992an Langileen Internazionalaren aldeko Komitearen zatiketa baten ondoren. Bere ezaugarri nagusia, proletariotzak erabili dezakeen instrumentu bakarra masen antolakundea (sindikatuak eta alderdi sozialdemokrata, sozialista edo komunistak) dela irizten duela da. Erakunde honek trotskismo internazionala berriro ere batzeari ezetz esan dio eta ez du inolako harremanik mantentzen IV Internazionala berrantolatu nahi duten alderdi edo erakundeekin. Bere buru ezagunena Alan Woods da. Korronte Marxista Internazionala munduko 30 herrialdeetan baino gehiago aurki daiteke. Brasilen enpresak okupatzeko mugimenduetako burua izan ohi da eta Pakistango Herriaren Alderdian ere indar handia du. Alan Woodsek askotan adierazi du Venezuelako Hugo Chavezen gobernua babesten duela.

Zati Trotskista - IV Internazionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zati Trotskista 1989an sortzen da Argentinako Langileen Alderdi Sozialistaren hausturaren ondorioz. 1993an morenismoa utzi zuen eta oraingo izena 2004an hartu zuen. Latinoamerikako hainbat herrialdeetan aurkitzen da (Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Mexiko, Uruguai, Venezuela), Europan (Alemania, Espainia, Frantzia) eta Estatu Batuetan. 2018an, Italia, Peru eta Costa Ricatik datozen hiru talde batu ziren zerrendara jarraitzaile moduan. La Izquierda Diario zazpi hizkuntzetan argitaratzen du eta emakume feminista eta sozialisten bilkura egiten du Pan y Rosas taldearen bidez. Bere azken konferentzietan, Internazional Sozialista Iraultzailearen aldeko Mugimendua - IV Internazionala gauzatzera dei egin du[4].

  • International Socialist Tendency-k, tradizio zilifistakoak, Socialist Workers Party britainiarra eratu zuen. Talde hau IV Internazionalarengandik aldendu zen SESBren jarraitzailea zelako eta langile klasearen burujabetzearen zentralismoa berreskuratu nahian. Trotskiren ideien oinordekotzat hartzen jarraitzen da, baina trotskismo kritiko edo heterodoxo gisa deskribatzen du bere burua. 30 herrialde baino gehiagotan dituzte ordezkariak; adibidez, En Lucha/En Lluita Espainian, SEK greziarra edo Sozialista Iraultzaileak Egipton.
  • Sozialismoa edo Basakeria Korronte Internazionala 90eko hamarkadan banandu zen Argentina, Espainia, Frantzia, Costa Rica, Honduras eta Brasil bezalako herrialdeetan taldeak kokatzeko. Alderdiaren garapena bereziki garrantzitsua da Argentinan. Trotskista gehienek ez bezala, SESB langile estatu batean bihurtu ez zela baieztatzen du, aldiz, kontrairaultza stalinistaren ondorioz, gizarte errusiarraren oinarri ekonomiko eta sozialak apurtu zirela eta langile klasea boteretik kendu zuela diote. Ondorioz, SESBko gizartea ez zen langileena, ezta ere kapitalista. Horregatik izan omen zen posible kapitalismorako itzulera XX. mendearen amaieran.
  • IV Internazionala (Internazionalaren Berreraikitze Zentroa), tradizio lambertista izanik, 1993an bataiatu zuen bere burua IV Internazional izenarekin; hala ere, inork ez dio izen hori aitortzen. Bere talde nagusiak Frantziako Langileen Alderdi Independentearen Korronte Komunista Internazionalista, Aljeriako Langileen Alderdia, Espainiako Langileen Alderdi Sozialista Internazionalista, Portugalgo Langile Alderdiaren Batasun Sozialista eta Brasilgo Langileen Alderdiko O Trabalho korrontea dira. 2016an banaketa bat jasan zuen Frantziako zatia Tendentzia Komunista Internazionalista izatera igaro zelako. Frantsesekin solidarizatu ziren erakundeak ere kanporatuak izan ziren, Socialist Organizer erakunde estatubatuarra, kasurako. 2016ko otsailean konferentzia internazional bat antolatu zen Turinen, Italian, Internazionalaren barneko demokrazia babesteko. 20 herrialdetako ordezkariak joan ziren bertara. IV Internazionala Berrantolatzeko Komitea eratzen hasi zen bertan.
  • Langileen Batasun Internazionala - IV Internazionala, 1996an sortua, 90eko hamarkadan gertatutako diaspora morenistaren ondorioz sortu zen.
  • 1997an, Genova, Italian, IV Internazionala Berrantolatzeko Mugimendua eratzen da, Europako eta Hego Amerikako alderdi trotskistak batu nahi zituena. Zazpi urte beranduago, 2004an, erakunde hau IV Internazionala Berrantolatzeko Koordinadorea bihurtzen da; hiru kontinentetako hamar herrialdeetan ordezkaritza duela; Langileen Alderdia Argentinan, Langileen Alderdi Iraultzailea Grezian, Langileen Alderdia Uruguain eta Langileen Alderdi Komunista Italian.
  • Badira beste talde batzuk IV Internazionalaren parte direla edo haren aitzindariak direla kontsideratzen direnak, hala nola, Langile Borroka, Frantzian.


Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Manifesto of the Fourth International on the Dissolution of the Comintern --1943» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
  2. (Gaztelaniaz) «Las grandes mentiras del asesinato de Trotsky a manos de un comunista español» abc 2015-08-21 (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
  3. «Fourth International - International Viewpoint - online socialist magazine» www.internationalviewpoint.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-31).
  4. (Gaztelaniaz) «Socialistas internacionalistas se reúnen en Buenos Aires» La Izquierda Diario (Noiz kontsultatua: 2019-05-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]