Kaxmir
Kaxmir | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | disputatutako lurralde eta divided region (en) |
Azalera | 68.000 mi² |
Geografia | |
Koordenatuak | 35°N 76°E / 35°N 76°E |
Estatua | Disputatutako lurraldea: India Pakistan Txina |
Leku geografikoa | Indiako azpikontinentea Ekialdeko Asia |
Kaxmir[1] (kaxmireraz: कॅशीर, کٔشِیر, hindiz: कश्मीर urduz: کشمیر) Indiar azpikontentearen iparraldeko atala da. XIX. mendera arte, Kaxmir izenarekin Himalaia Handiak eta Pir Panjal Mendilerroaren artean zegoen Kaxmirreko Harana izendatzen zen. Gaur egun esanahia zabaldu da, eta izen honekin ezagutzen dira Indiak kudeatzen dituen Jammu eta Kaxmir zein Ladakh lurraldeak, Pakistanek kudeatzen dituen Azad Kaxmir eta Gilgit-Baltistan eta Txinako Herri Errepublikak kudeatzen dituen Aksai Chin eta Trans-Karakorum Eremua[2][3][4].
1820an Sikh Inperioak, Ranjit Singhen gidaritzapean, Kaxmir anexionatu zuen. 1846an Lehen Anglo-Sikh Gerran sikhak garaituak izan ziren, eta Britainiar Inperioak lurraldea erosi zuenean Amritsarreko Itunaren ondorioz, Jammuko raja, Gulab Singh Kaxmirreko agintari berria bilakatu zen. Bere ondorengoen agintea, Britainiar Koroaren babespean[5], Indiaren partizioa 1947an eman zen arte jarraitu zuen. Une horretan Britainiar Rajaren barneko printzerri hau disputatutako lurralde bilakatu zen, gaur egungo egoeraraino iristeko: India, Pakistan eta Txinaren agindupean egotea[6][7].
Orografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendi kate garaiez dago osatua, ipar-mendebaletik hego-ekialderako norabidean (gailur handiena Nanga Parbat, 8.114 m); horien artean ibar sakonak daude, antzina printzerri burujabeak zirenak.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alpeetakoa da ipar-ekialdean eta tropikoz behekoa hego-ekialdean.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beretzat hartua: | Gunea | Biztanleria | % Musulman | % Hindu | % Budista | % Besteak |
---|---|---|---|---|---|---|
Pakistan | Iparreko gunea | ~3 milioi | %99 | – | – | – |
Azad Kaxmir | %99 | – | – | – | ||
India | Jammu | ~7 milioi | %30 | %66 | – | %4 |
Ladakh | %46 | – | %50 | %3 | ||
Kaxmir Harana | %95 | %4 | – | – | ||
Txina | Aksai Chin | – | – | – | – | – |
BBCren estatistika In Depth |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibarrak oso emankorrak dira, eta fruituak, artoa, arroza eta tabakoa lantzen dira. Ardi aziendak ere badu garrantzirik. Industria ez da asko garatu; zeta eta lana lantzen duten familiako lantegiak dira gehienak. Mea baliabideak ugariak badira ere, ikatz eta bauxita hobi batzuk baino ez dira ustiatzen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musulmanak ez ziren Kaxmirra heldu, mendien muga zela eta. Dinastia hinduen mende egon zen, 1338an azken erreginak, Kota Devik, bere burua hil eta erreinua sultan herri musulman bihurtu zen arte. 1739an Afganistango erreinuaren mende geratu zen, eta 1819an Ranjit Singh sikhen marajak hartu zuen aginpidea.
1846an Britainia Handiaren mende geratu zen; Gulab Singh, Ranjit Singhen funtzionario zena, izendatu zuten maharaja berria. Hark, Tibeten mendeko zen Ladaj herrialdea beretuz, lurraldea zabaldu zuen. 1938an Mohammed Abdullah-k, Kaxmirreko mugimendu independentistaren sortzaileak, Kaxmirreko Islamiar Konferentzia mugimendua sortu zuen.
1948an, britainiarrak alde egin ondoren, Pakistanek eta Indiako Batasunak berentzat eskatu zuten Kaxmir, eta horrek bi lurraldeen arteko gerra piztu zuen
Nazio Batuen Erakundeak bitartekari lanak egin ondoren, behin behineko bi partetan banatu zuten Kaxmir, erreferendum baten zain. NBE-etako erabakien kontra ordea Indiak bere osteek hartutako lurraldea beretu zuen (1957); erantzun gisa Txinako Herri Errepublikak Aksai Chin ordokia hartu zuen eta muga itun bat izenpetu zuen Pakistanekin (1963).
1965ean Indiaren eta Pakistanen arteko bigarren gerra piztu zen, baina mugak ez ziren aldatu. 1971n berriz ere istiluak hasi ziren, eta bake hitzarmenaren araberako muga zaharraren ordez beste bat jarri zuten, su-etenaren ondoriozkoa, urte bereko abenduan.
2014ko abenduaren 20an, Kaxmirren hauteskundeak amaitu ziren oso parte hartze handiarekin[8].
2015eko urtarrilaren 3an, lau hildako egon ziren Indiaren eta Pakistanen arteko borroketan[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-08-15 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
- ↑ (Ingelesez) «Kashmir | History, People, Conflict, Map, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ (Ingelesez) «Kashmir territories profile» BBC News 2019-08-06 (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ (Ingelesez) «Kashmir profile - Timeline» BBC News 2019-08-06 (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ Ganguly, Sumit. (2005). Fearful symmetry : India-Pakistan crises in the shadow of nuclear weapons. ISBN 978-0-295-80119-3. PMC 928627136. (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ Encyclopedia Americana.. (International ed. argitaraldia) Scholastic Library Pub ©2006- ISBN 0-7172-0139-2. PMC 60798441. (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ Osmańczyk, Edmund Jan. (2003). Encyclopedia of the United Nations and international agreements. (3rd ed. argitaraldia) Routledge ISBN 0-415-93920-8. PMC 50164558. (Noiz kontsultatua: 2022-09-02).
- ↑ «Amaitu dira hauteskundeak Kaxmirren; oso parte hartze handia izan da», Berria, 2014-12-21
- ↑ «Lau hildako Indiaren eta Pakistanen arteko borroketan, Kaxmirren», Berria, 2015-01-04
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |