Paul von Hindenburg
Paul Ludwig Hans Anton von Beneckendorff und von Hindenburg (Posen, gaurko Poznań, 1847ko urriaren 2a - Neudeck, 1934ko abuztuaren 2a), Alemaniako marexala eta Weimarko Errepublikako bigarren lehendakaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paul von Hindenburg Posenen jaio zen, oraindik Prusia zen inperioan. Aita Robert von Beneckendorff von Hindenburg (1816-1902) izan zen eta militarra zen 1832az geroztik. Paul jaio zenean, Poseneko infanteriako tenientea zen. Familia Prusiako aristokrazia lurjabeko kide zen. Aitaren aldeko aitona-amonak Otto Ludwig von Beneckendorff von Hindenburg (1778-1855) eta Eleonore von Brederlow ziren eta horrek nobleziarekin erlazionatzen zuen. Ama, berriz, Luisa Guillermina Schwickart (1807-1893) izan zen, margolaria. Karl Ludwig Schwickart, Paul von Hindenburgen amaren aldeko aitona, prusiar armadako sendagile-koronela izan zen.
Karrera militarra egin zuen. Tarte motz batez, bigarren hezkuntzako institutu batean ikasi ondoren, 1859tik 1866ra Wahlstatteko Kadete Eskolan aritu zen, Liegnitzen eta, gero, Berlinen.
1866an, lotinant zen, jada, 7 Asteko gerran eta Frantzia-Prusia Gerran. 1903an jeneral egin zuten.
Lehen Mundu Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hindenburg 1911n erretiratu zen armadatik, 63 urte zituenean; hala ere, 3 urte gero, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, berriro erantsi zitzaion hari VIII. armadaren komandante karguan, ekialdeko frontean.
1914an, errusiar armada garaitu zuten Tannenbergeko batailan eta eroi egin zuten, ospe eta ohore handia lortuz eta mariskal egin zuten. Tannenbergeko garailea deitzen zioten.
1916ko abuztuan, Estatu Nagusiko kide egin zuten, Erich Ludendorffen ondoan. 1918an, monarkia salbatu nahian, Gilen II.a Alemaniakoari alde egiteko aholkua eman zion. Altxamenduak itzaltzeko ahaleginean ibili zen, gobernu berriarekin kolaboratuz eta, 1919ko uztailean Versaillesko Ituna sinatu zutenean, Hindenburgek dimititu egin zuen.
Weimarko Errepublika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuineko alderdiek Hindenburg Weimarko Errepublikako presidente izateko aurkeztera bultzatu zuten. 1925eko apirilean aukeratu zuten presidente bigarrena, beti ere, Kaiserraren baimena lortu ondoren. Monarkiko sutsua, ez zuen errepublikan sinesten, baina konstituzioari leial izaten saiatu zen, baina, 1930ean, Hindenburgek Heinrich Brüning egin zuen kantzelari legebiltzarra kontuan hartu gabe. Horrela hasiko ziren Weimarko Errepublikako gobernu presidentzialak.
1932ko apirilean, berriro hautatu zuten lehendakaritzarako, hauteskunde haietan Adolf Hitler erraz garaitu zuelarik. Hala ere, Reichstagen, nazien alderdiak boto gehiago zituen eta eserlekuetan irabazi zuen. Gobernua indartzeko kantzelariak kontuan hartu behar zuen hura. Garai honetarako, 1933ko urtarrilean, Hindenburg manipulatzen erraza zen eta kantzelari Hitler hautatzeko premia ikusarazi zioten. Hitler kantzelaritzara igotzean, garbi ikusi zen nazismoaren hegemonia.
Reichstagaren sutean, Hindenburgek juduen oinarrizko eskubideak eteten zituen dekretua izenpetu zuen, eta nazionalsozialistei ateak ireki zizkien erabat.
1933ko martxoaren 24an, aginte guztia Führerraren esku utzi zuen eta Weimarko Errepublikaren amaiera etorri zen. Alemania nazia zen, jada.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1934ko abuztuaren 2an hil zen Hindenburg Gut Neudecken (Ogrodzieniec). Zahartzaroko dementzia zuen eta, heriotzaren bezperan, Hitler Kaiserra zela pentsatu zuen, Maiestate esan ziolarik. Bere heriotza izan zen Führerrari aginte osoaz jabetzeko geratzen zitzaion traba bakarra gainditzen lagundu ziona.
Hitlerrek ez zuen haren nahia errespetatu eta Tannenbergeko bataila gogoratzen zuen monumentuan eman zioten lur, hasieran, emaztearengandik urruti -gero, batera jarriko zituzten-. Mariskalaren azken hitzak jasoak izan ziren.
« | Mein Kaiser. Mein Vaterland (Nire enperadorea. Nire aberria) | » |
Bigarren Mundu Gerra bukaeran, amerikarrek aurkitu zituzten nazien ondo gordeta zituzten Hindenburg bikotearen hilotzak. Eztabaida batzuen ondoren, ultraeskuindarren altxamenduen beldur baziren ere, ez zituzten gorpuak suntsitu eta hilobi sekretu batera eraman zituzten. Marburgoko Santa Isabel elizako kapera batean geratu ziren, metalezko xafla lodi batez babestuta. Iluntasun hartan jarraitzen dute oraindik.
Paul von Hindenburg Berlin, Detmold, Munster, Frankfurt, Hanburgo, Kassel, Karlsruhe, Koblentza, Lübeck, Nurenberg, Potsdam eta Zwickauko ohorezko hiritar izan zen.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul von Hindenburg |